XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Familiaren aurkako erasoa

Nerea Azurmendi

Boloniako Udal komunistak ezkertiarrak haserretu zituen oinarrizko zerbitzuak esku pribatutan utzi zituenean, eta, orain, eskuindarrak asaldatu ditu etxebizitza babestuak banatzeko darabiltzan irizpideak direla eta.

Ez dute ez asmatzen borondate onez ibili arren...

Hauxe izan da eskandalorako proposamena: hemendik aurrera, ez da derrigorrezkoa izango ohizko bikotea izatea (seksu desberdineko bi lagunetakoa ala haurretan zabaltzen diren horietakoa) etxebizitza babestu bat lortzeko.

Seksu bereko bikoteek ere eskubide berberak izango dituzte.

Boloniarrak hemen geldituko balira, tira.

Baina planteatu duten berrikuntzak nobedade gehiago dakar.

Edonolako bikote-hirukote-laukotek ez du inolako harreman berezirik frogatu beharko, honelako etxebizitza bat eskatu eta, hala suertatzen bada, lortzeko.

Hau da, ekimen publikoak prezio erosoan jartzen dituen etxeetan bizi ahal izateko nahikoa izango da baldintza bakar bat betetzea: etxe horretan bizi nahi izatea eta elkarren artean ordaintzea.

Orain arte, pribilejio horiek izateko isurien froga gainditu behar zen: familiaren nortasun biolojikoa bermatzen duen odolarena, edo eta ohekidetzaren inguruan isurtzen direnena.

Etxe bila zebiltzanak seksu berekoak izan ala ez, ohean gauzatzen zen etxebizitzarako eskubide nagusia.

Bolonian, azkenik, ulertu dute egon daitekeela bestelako harreman sendorik.

Besteak bezain sendo eta iraunkorrak, behinipein.

Bukatu aurretik, ahaztu nahi ez dudan datua: gehien haserretu direnak familiaren aurkako eraso lotsagarritzat hartu dute erabaki hau.

Barka, baina bazen garaia.